Euskararen soka egingo dute zapatuan Elgetan, eta hasita daude soka zatiak banatzen

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko ira. 17a, 15:00
Gaur goizeko azokan soka zatiak banatzen.

Herriko hainbat eragilerekin batera Euskaltzaleen Eguna prestatzen ari da Goibeko Euskaltzaleen Topagunea. Festa eguna izango da herri bazkariarekin eta erromeriarekin. Eguneko ekintza nagusia, ordea, Euskararen soka izango da. Helburua da ahalik eta jendetsuena izatea, eta hasita daude herritarren artean soka zatiak banatzen.

"Ikusten ari gara euskara leku formaletan bai, baina kalean gero eta makalago dagoela. Goibeko Euskaltzaleen Topagunetik gai hori hartu dugu erronka moduan, eta pentsatu dugu jai egun baten bueltan arazo horren berri ematea, plazara ateratzea gaia", azaldu du Goibekoko presidente Ainara Iribarrek.

Egun osoko festa eguna antolatu dute hilaren 24rako, zapatua. Puzgarriak, herri bazkaria eta erromeria iragarri dituzte. Eguneko ekintza nagusia, ordea, 12:15ean izango da: Euskararen soka. "Herritar bakoitzak izango du soka zati bat eskuan. Norbere soka zatia korapilatuko du ondokoarenarekin, eta horrela soka luze luzea egitea da asmoa, eskolatik plazaraino helduko dena. Soka horretatik uztai bat pasako dugu, eta uztai horrek plazan irakurriko dugun mezua eramango du".

Soka zatiak banatzen

Elgetarrak sokan egotera deitu dituzte Goibekotik argituz ekintza ez dela euskaldunendako bakarrik. "Euskaltzale guztiendako da. Baita ere euskaldunak ez direnendako. Esaterako seme-alabak D ereduan matrikulatzeko erabakia hartu duten familiendako. Oso garrantzitsua da emandako pausoa. Elkartuko gara euskararen alde gaudenak".

Goibeko elkarteko ordezkariak hasita daude soka zatiak banatzen. Baserritarren azoka, tortilla lehiaketa eta Vespa eta Lambretta motorren topaketa baliatu dituzte aste bukaeran banaketarekin hasteko. "Eskolan ere banatuko ditugu soka zatiak. Eskolako neska-mutiko bakoitzak bana jasoko du, eta nahiko genuke familiako gainerako kideak ere gerturatzea Euskararen sokara", esan du Iribarrek.

Herri Eskola, Elgetako Udala, Elgetako Berbalagun ekimena eta Kalitate Fundazioak ere lagundu dute Euskaltzaleen Eguna antolatzen.

Herri bazkarirako txartelak salgai

Egitaraua osatzen ari dira oraindik ere antolatzaileak. Euskararen sokarekin batera, oraingoz, umeendako puzgarriak, buruhandiak, herri bazkaria eta Egan taldearen erromeria dira iragarri dituzten ekintza nagusiak.

Bazkarirako txartelak salgai daude. Nagusien menua da: entsalada, Kalitateko atuna brasan, ardoa, ura, postrea eta kafea. Txartelak Julian Markiegiren kioskoan daude salgai hamabost euroko prezioan. Umeendako menua da: makarroiak, oilasko izterrak eta izozkia. Txartelak Bolatokiko tabernan daude salgai zazpi euroko prezioan.

Egitaraua

  • 10:45 Dultzaineroekin esna deia. Etxafleroak.
  • 11:00 Puzgarriak.
  • 12:30 Euskararen Soka.
  • 13:30 Dultzaineroekin eta buruhandiekin kalejira.
  • 14:30 Bazkaria.
  • 15:30 Puzgarriak.
  • 16:30 Erromeria EGAN taldearekin.
  • 20:30 Zozketa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak