Dozena bat postu izango ditu zapatuan herriko baserritarren eta artisauen azokak

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko ira. 13a, 21:00
Baserritarren azoka, Elgetan

Eguerdian Intxortako Igoera jokatuko da, eta arratsalderako Sagardo Eguna eta patata tortilla lehiaketa iragarri dituzte gaztetxetik.

Urteroko azoka egingo dute zapatuan Elgetako baserritarrek. Nekazariekin batera herriko hainbat artisauk ere postua ipiniko dute. Udalak dihardu antolaketa lanetan, eta emandako datuen arabera eta azken konfirmazioen zain dozena bat lagunek baieztatu dute parte-hartzea.

Azoka 10:30ean zabalduko dute herriko plazan eta baserritarrek zein artisauek herrian ekoiztutako produktuak ipiniko dituzte salgai. Horiekin batera ortu ekologikoen gidaritzan aritu den Kimu Bat enpresak barazki erakusketa iragarri du. Igor Hercek burdin-lantze erakustaldia agindu du.

Intxortako Igoera

Kirol hitzordua ere izango du herriko baserritarren azoka egunak. Lasterkariek Intxortako Igoera izango dute aukeran. 11:00etan jokatuko da, aurten, hogeigarren aldiz.

Izenematea 10:20an zabalduko dute plazan. Hiru kategoria izango dira: 16 urtetik gorakoena, 12 eta 16 urte artekoena eta 12 urtera artekoena. Lehenengo kategorian 20 eta 60 euro arteko sariak daude aurreikusita Elgetan erroldatuta dauden lasterkari azkarrenendako. Bigarren kategorian sari horiek sei eta hogei euro artekoak izango dira. Gazteenen kasuan igoera Salbadorrera izango da, eta ez da sari ekonomikorik egongo. Adin txikikoek parte hartzeko ezinbestekoa izango da gurasoen edo tutoreen sinadura.

Eleder Lozanok dauka orain arteko markarik onena Intxortako Igoeran: 16'14''. 2015ean ipini zuen denbora hori eta marka hobetzen duenarendako 60 euroko sari berezia dago eskuragarri.

Tortilla lehiaketa arratsaldean

Sagardoak hartuko du baserritarren lekukoa arratsaldean gaztetxetik XX. Sagardo Eguna iragarri baitute. Horrekin batera patata tortilla lehiaketa jokatuko da. Lehiaketa 18:00etan hasiko da eta talde parte-hartzaileek liburutegian eman behar dute izena barikua baino lehen.

Sari banaketa eta pintxo dastaketa 19:30ean izango da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak