Elgetako Herri Eskolan gaur, eguaztena, eman diote hasiera 2016-2017 ikasturteari. Neska-mutiko gehienak txirrina jotzeko zain egon dira, baina azken urteetan ez dut jotzen ikasturteko lehenengo egunean eta irakasleek egin dute ikasgeletara igotzeko gonbitea.
Ikasturte hasiera samurra dute ikasleek. Gaur eta bihar jardunaldia trinkoa egingo dute, 13:00ak arte. Barikua, berriz, jai da. Astelehenetik aurrera hasiko dira goizeko eta arratsaldeko jardunaldiarekin.
Zuzendaritzatik emandako datuen arabera ikasturte honetan 119 neska-mutiko hartuko ditu Elgetako ikastetxeak. Zortzi unitate edo ikas talde izango ditu eskolak: lau haur hezkuntzan eta lau lehen hezkuntzan.
Eskolaratze berriei dagokienez, bederatzi umek eman dute izena bi urteko gelan sartzeko. Astelehenean, hilak 12, hasiko dira egokitzapenarekin.
Haurreskola ere martxan
Elgetako haurreskolako umeek martitzenean eman zioten hasiera ikasturteari. Zortzi erabiltzaile ditu zerbitzuak —hiru neska eta bost mutil— eta kasu honetan ere egokitzapena egiten ari dira. Bost haur haurreskolako erabiltzaile izan ziren iaz, eta hiru dira berriak. Zazpi dira 2015ean jaiotakoak, eta bat 2016koa.
Jardun osoko bi hezitzaile ditu zerbitzuak eta 7:30etik 17:00etara dago zabalik. Hurrengo matrikulazio epea urrian izango da, 3tik 10era.
Ludoteka eta zaintza
Udalak astelehenean, hilak 12, ipiniko ditu martxan bi zerbitzuak. Izen-ematea zabalik da udaletxean. Ludoteka zerbitzuaren prezioa da 30 euro hileko, eta zaintzarena 90 euro hileko. Gogoratu gaur, eguaztena, gurasoendako informazio bilera egingo duela Udalak, 19:00etan, ludotekan.