Gaizka Morales: "Madrilera etorrita konturatzen zara aukera batzuk egon daitezkeela"

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko ira. 2a, 09:50
Gaizka Morales Pragako ikastaroan egindako saioetako batean. (Argazkia: Tanec Bez Hranic)

Nazioarteko dantza ikastaro batean izan da Gaizka Morales elgetarra, udan. Ikasketa profesionalak egiten diharduen Madrilgo eskolak beka emanda izan da Pragan.

Elgetarrak iaz hasi zituen dantza ikasketa profesionalak Madrilgo Danza180º akademian. Ikasturteko bigarren hiruhilekoan jaso zuen albistea: Pragako Tanec Bez Hranic formazio saioan parte hartzeko beka jasoko zuen. "Ez nuen inondik inora espero lehen ikasturtea nuelako eskolan", dio. "Esperientzia zoragarria izan da. Dantza gustuko duen jatorri ezberdinetako jendez inguratuta egon naiz, zer eta nola egiten duten ikusi dut, eta eskola onak jaso ditut", adierazi du.

Uztailaren 31tik abuztuaren 5era egin du Pragako ikastaroa Moralesek. "Ikastaroko parte-hartzaileak bakarrik geunden baso baten erdian eta laku baten ondoan zegoen hotel batean. Leku zoragarria da. Karpa bat zegoen dantza eskoletarako, eta egunean bi orduko hiru saio egiten genituen. Hiru irakasle zeuden —bat nire dantza akademiakoa— eta bakoitzarekin gauza ezberdinak landu ditugu. Orokorrean jazz estiloa landu dugu, baina baita ere dantza garaikidea edo esperimentala eta dantza lirikoa. Teknika landu dugu gehienbat".  

Ikasturte berri baten atarian

Iaz hartu zuen Gaizka Moralesek dantza ikasketa profesionalak egiteko erabakia. "Uste dut hartu dudan erabakirik onena dela", dio. Madrilgo Danza180º akademia aukeratu zuen. "Lau urteko formazio profesionala eskaintzen dute, eta bigarren ikasturtea hasiko dut astelehenean". Oso baliagarritzat jotzen du Madrilera joan izana. "Elgetatik gauzak beste modu batera ikusten dituzu, zailago moduan. Madrilera etorrita konturatzen zara aukera batzuk egon daitezkeela eta amets honetan saiatu behintzat egin behar dut", dio irribarrez. Gaizka Morales elgetarrak argi dauka: "Ahal badut dantzatik bizitzea nahi dut".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak