Amaitu da abuztua eta iritsi da iraila. Eta irailarekin batera ikasturte berriari hasiera emateko mugimenduak.
Ludoteka eta zaintza zerbitzuak
Zerbitzu biek hilaren 12an, astelehena, zabalduko dituzte ateak. Interesatuek astelehenetik aurrera, hilak 5, eman dezakete izena udaletxean.
Ludoteka zerbitzua 2016-2017 ikasturtean bost urte betetzen dituzten umeendako eta hortik gorakoendako da. Astelehenetik barikura emango du zerbitzua Udalak, 16:30etik 19:00etara. Kuota da 30 euro hileko.
Zaintza zerbitzua Haur Hezkuntzako umeendako zein ludoteka zerbitzua 16:00etatik aurrera erabili nahi dutenendako da. Kuota da 90 euro hileko.
Eskola eta haurreskola
Elgetako Herri Eskolan irailaren 7an hasiko dute ikasturtea neska-mutikoek. Lehenengo bi egunetan jardunaldi trinkoa egingo dute —09:00etatik 13:00etara— eta jangela zerbitzua egongo da.
Haurreskolan, berriz, umeekin hilaren 6an emango diote hasiera ikasturteari.
Liburutegia eta musika eskolak
Udal liburutegiak irailaren 5ean zabalduko ditu berriz ere ateak. Aste horretan udako ordutegia izango du zerbitzuak: astelehenean 16:30-20:00 eta martitzenetik eguenera 14:30-17:30. Barikua jaieguna da.
Irailaren 12tik aurrera ohiko ordutegia izango du zerbitzuak: astelehenetik eguenera 16:30-20:00 eta bariku zein jai bezperetan 14:30-17:30.
Musika irakasle Lorea Larrañagak, bere aldetik, martxan ditu izen-emateak. Jakinarazi du gaur eta bihar, irailak 1 eta 2, musika gelan egongo dela 16:30etik 19:30era izen-emateak eta bajak jasotzeko.
Adolfo Jainaga soinu irakasleak ere zabalik du ikasturte berrirako izen-ematea. Harremanetarako: 943 20 62 66.