Umeak zain zeuden eta ondo etorri dira aste hasierako bero kolpeari aurre egiteko. Martitzen goizean ipini zituen hiru ur-putzuak Udalak, eta udalekuetako umeak izan ziren lehenengoak sartzen.
Hasierako asmoa zen bi egunez mantentzea, baina eguraldi aldaketa tarteko bakarrarekin konformatu behar izan dute gaztetxoek.
Guraso batzuk ere animatu dira aurten bainujantzia ipini eta uretan bustitzera. Atzoko beroarekin eskertzen zuen gorputzak.
Antzinako ur-putzuak Elgetan
Adineko elgetarrek kontatzen dute bero handiko egunetan San Juan errekara edo Beistegiko putzura joaten zirela. "Karramarroak ere harrapatzen genituen. Etxera eraman eta mokadutxoa egiten genuen", azaldu du herritar batek. "Zezia errekan ibiltzen ginen gu", azaldu du beste batek barrezka. "Primeran pasatzen genuen, eta abisua jasota joaten ginen etxetik: ez kendu abarkak sugeak egongo dira-eta".