Indartuz doa Elgetako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdinbidean egitasmoarekin duen hartu-emana. Orain bederatzi urte sortu zen lankidetza eta fruituak eman ditu: plan orokor bat, formazio saioak, herritarrei begirako ekintza puntualak...
Bideberri Mankomunitateko kide diren Antzuolako, Elgetako eta Leintz-Gatzagako Udalek, ordea, pauso berriak eman gura dituzte eta lanketa berezi batean murgilduta daude. "Herri txikietan ez dago berdintasun teknikaririk eta ez da erraza gai batzuk aurrera eramatea", azaldu du ongizate teknikari Naiara Unamunok.
Berdintasunaren gaiak eguneroko bizitzan presentzia handiagoa izan dezan transbertsaltasuna eman gura diote: "Helburua da herriko esparru ezberdinetan presentzia handiagoa izatea: hirigintzan, kiroletan, jaietan... Asmo horrekin udal idazkariak hasita daude formazio saioak jasotzen, eta asmoa da irailerako gertu egotea herriz herri prestatzen ari garen planifikazioa".
Sortuta dago batzorde berri bat Bideberriko bi teknikariekin eta hiru herrietako udal ordezkari banarekin. Agurtzane Alkalde zinegotzia da Elgetako ordezkaria. Mahai gainean daude, besteak beste, informazioa sistematizatzeko datu baseak sortzea eta arreta zerbitzuen koordinazioa.