Elgetako erabiltzaile askok egin dute honezkero uda sasoirako liburu aukeraketa, eta hutsune nabariak antzematen dira liburutegiko apalategian. Arduradun Geaxi Ezpeletak adierazi du formatu tradizionalean irakurtzen dutela Elgetako erabiltzaile gehienek. Bestelako aukerak ere badaude, ordea, eta liburutegitik eLiburutegia zerbitzua ezagutzera emateko tailer berezia antolatu dute astelehenerako, hilak 18.
Formatu digitalean irakurtzeko aukera ematen du eLiburutegiak, eta mailegu digitalaren funtzionamenduaren berri emango dute asteleheneko tailerrean, 18:30ean, liburutegian.
Irakurleen beharrak asetzeko eta opor sasoira begira bi interesgune berri ipini dituzte liburutegian: Euskal Herriko txokoak eta formatu txikiko liburuen txokoa.
Zozketa berezia uztailean
Uztailean mailegu zerbitzua erabiltzen duten bazkide helduen artean poltsikoko bost liburuz osatutako liburu sorta zozketatuko dute liburutegian. Zozketa hilaren 29an egingo dute.