Ferixa Nagusiko Herri Egunean, hilaren 2an, Euskadiko BTT jaitsiera txapelketa jokatu zuen Txomin de Vegak Galdakaoko Maxxis zirkuituan. Eguraldi eskasa izan zuten. Hala ere, elgetarrak hamabigarren egin zuen proban eta hirugarren sailkatu zen bere kategorian, Master 30 kategorian. Bere denbora 03:23:203.
Proba berdinean izan ziren beste hainbat debagoiendar, tartean Markel Uriarte. Aretxabaletarra elite mailan lehiatu zen. Zortzigarren egin zuen proban eta laugarren bere kategorian. Bere denbora 03:18:640. Antolatzaileek Enduro kategoriako proba ere egin zuten. Bertan, aretxabaletarrak bigarren egin zuen Castro Urdiales-eko Jose Antonio Diez Arriolaren atzetik.
Debagoiendar gazteak ondo
Antzuolako bi gaztek maila polita erakutsi zuten Galdakaon. Kadete mailako Jon Fernandez Euskadiko txapeldun izendatu zuten berak egin zuen-eta bere kategoriako jaitsierarik azkarrena: 3:48:578. Probako 42. izan zen.
Gazte mailan, berriz, aipatzekoa da Unai Larrea antzuolarrak egindako lana. Bigarren egin du bere kategorian eta Euskadiko azpi-txapeldun izendatu dute. Bere denbora: 03:36:875. Proban 28. egin du.
Jardunaldiko rider azkarrena 23 urtekoen azpiko kategoriako Daniel Olarra izan da. Bizkaitarraren denbora: 02:57:422.