Domekan laugarrenez ospatuko da Debagoieneko Txakolin eguna. Urtero herriz aldatzen den ekimena da. Iazkoa Arrasaten egin ostean, aurtengoa Elgetan egingo dute, Ferixa Nagusiaren barruan.
Aurtengo edizioan Oñatiko Murgialdai eta Upaingoa eta Arrasateko Otxia txakolinak dastatzeko aukera izango da. "Bakoitzak bospasei kaxa eramango ditugula uste dut. Guretzako aldarrikapen bat egiteko baliagarria izango da, zeren eta Debagoienan betidanik egon da txakolina, eta horrela jarrai dezala nahi dugu" adierazi du Murgialdai etxeko Aritz Galdosek.
Txakolinaren historia
Gertuko upategien uztak dastatzeaz, edari honek bailaran izan duen tradizioa ezagutzeko aukera egongo da. Jose Antonio Aspiazu eta Gerardo Elortza historialari oñatiarrek, Txakolina eta Debagoiena hitzaldia eskeiniko dute 12:00etan. Duela 100 urte inguruko argazkiak erabiliz, atzera begiratua egingo dute bailara honek eta txakoliak duten lotura azaltzeko.
Ondoren, 12:30ean, hiru ekoizle debagoiendarren txakolinen dastatze saioa egingo dute Guillermo Castaños enologoaren eskutik. Adituak ardo bakoitzaren ezaugarriak aipatuko ditu.