Domekan 09:00etan zabalduko da Ferixa Nagusia, eta 70 bat postu izango ditu. Muntaketa lanak bezperan hasiko dituzte, 09:00etan. Ordurako libre behar du Berraondokoak, komeni da beraz bertan ez aparkatzea. Udaletik jakinarazi dute garabiak eramango dituela traban dauden ibilgailuak.
Feria egunean Elgetara datozenei, berriz, antolatzaileek eskatzen diete ibilgailuak Pagatza industrialdean aparkatzeko.
Zirkulazio aldaketak jaietan
Egueneko 19:00etatik domekako 20:00ak bitartean oinezkoendako izango da Elgeta erdigunea. Gudarien Bidea itxita egongo da ibilgailuendako, eta Berraondokotik bideratuko dute zirkulazioa. Horregatik ezingo da egun horietan Salbador osteko kalean aparkatu. Pasabidea utzi behar zaie autoei, autobusei eta kamioiei.
Autobus zerbitzu berezia
Barikua gauean autobus zerbitzu bereziak izango dira gauez. DJ Bull eta Zopilotes Txirriaos daude iragarrita herriko plazan eta autobus zerbitzuek Eibarrekin, Bergararekin eta Antzuolarekin lotuko dute Elgeta.
Elgeta-Eibar-Elgeta zerbitzua 90 minuturo izango da, 22:30etik 06:00etara. Elgeta-Bergara-Antzuola-Bergara-Elgeta zerbitzua, berriz, 60 minuturo, 00:00etatik 06:30era. Autobus geltokiak Ferixa Nagusiko jai guztietan zehar Artekalen (ohikoa) eta Goikoetxe harategiaren kantoian (ezohikoa) egongo dira kokatuta.