Ume eta Erretiratuen Egunean, barikuan, ere izango da hainbat berritasun. Erretiratuei dagokienez, bazkariko menua Xalbadorpe elkartearekin prestatu du Udalak: sarrerakoak, bakailoa eta pantxineta; baita kafea eta txupitoa ere. Baina nobedade handia bazkalosteko bingoa da; alkatearen esanetan, erretiratuek esan dute "ilusio handia" egiten diela. Bestalde, aurten ez da Gardoki etorriko (erretiratu egin da), baina dantza egiteko musika izango da.
Abilezia jolasak umeendako
Haurrendako puzgarriak eta jolasak egongo dira 11:00etan eta 15:30ean Salbador kalean. Aurten, ohiko puzgarriez gain, abilezia-jokoak ere izango dira; adinen arabera erabili ahal izango dira eta begirale batzuek banatuko eta zainduko dituzte umeak.