Ferixa Nagusiko jaiak 2016

Lehenengo eta behin, mozorro festa!

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko eka. 29a, 09:00

Mozorro eguna, iaz, Elgetan

Bihar, eguena, hasiko dira jaiak Elgetan eta mozorro jaitsiera izango da lehen ekintzak. Herriko kuadrilla askotan Aratusteetakoa baino mimo handiagoarekin lantzen dute jaietako mozorroa.

Bihar, eguena, jaurtiko dute Ferixa Nagusiko jaiei hasiera emango dion etxafuegoa Elgetan. Goizean, buruhandiei ongietorria egingo diete udalekuetako neska-mutikoek, eta mozorro jaitsiera 19:30ean izango da.

Elgetarrek mozorrotuta ekingo diote festari aurten ere, eta egun berezia da jaietako lehenengo eguna askorendako. Auskalo zein mozorro gertatuko dituzten herritarrek oraingorako!

Kuadrilla askotan Inauterietako mozorroari baino garrantzi handiagoa ematen diote jaietakoari, eta mugimendua badago; izan ere, zarata entzuten da zenbait garaje ataritatik. Baina ez du inork hitzik esaten.

Iaz ere koloretsua izan zen festa hasiera. Mozorro jaitsieran izan ziren castellers talde handi bat, zaldun kuadrilla bizardun erreginarekin, pirata klan osoa, Teo, Wally, abere talde zaratatsu bat, neska kuadrilla dutxarako prest, egiptoar taldea, eskale taldea, Frozen-eko lagunak, NBAko lau jokalari xelebre, San Blas kofradiako kideak, surf eskolako lagunak furgoneta eta guzti...Mozorro uzta berriarekin batera nobedadea, aurten, taldeek argazkia ateratzeko txokoa izango da. Jai batzordeak ipiniko du, plaza inguruan, 20:00etarako.

Jaietako argazki lehiaketa

Aurten ere argazki lehiaketa antolatu dute Ferixa Nagusiko jaietarako. Argazki onena aurkezten duenak argazki kamera digital bat jasoko du opari. Gura beste argazki aurkez daitezke, baina uztailaren 5erako, 13:00ak aurretik bidali behar dira danonartian@elgeta.net helbidera.

---

"Mozorroen eguna polita da guretzat"

Dozena bat lagun mozorrotzen dira urtero, eta mozorro landuak aurkeztu ohi dituzte. "Umeekin hasi ginen", azaltzen dute. "Gustuko dugu mozorro jaitsieran parte hartzea. Dantza pixka bat egin, afaldu... Guretzat, egun polita da. Jende gehiagok hartu beharko luke parte".

 

"Denon gustukoa den gaia bilatzen dugu"

Bederatzi laguneko gazte talde honek ere gustuko du herriko jaietako lehenengo egunean mozorrotzea. "Saiatzen gara denon gustukoa den mozorro bat aukeratzen. Proposamen bat baino gehiago badago, adostasuna bilatzen dugu". Eguena festa egun polita dela diote.

 

"Sorpresa faktore hori oso polita da"

"Aratusteetakoa baino mimo handiagoarekin lantzen dugu jaietako mozorroa", dio urtero mozorrotzen den hamabost bat laguneko taldeak. "Gau giroko mozorroak izan ohi dira gureak, eta egiari zor azken astekoak gara gehiago". Animatzen dute adin batetik gorako jendea mozorrotzera: "Besterik ez bada koloredun txapel bat jantzi eta aurpegia pintatzera".

 

"Urteko jai berezienetakoa da guretzat"

Hogei bat urte dira taldean mozorrotzen direla: "Lehenengo, kuadrillan; gero, bikotekideekin batera; eta orain, seme-alabekin. Giro ona sortzen dute horrelakoek herriko kuadrillen artean, eta saiatzen gara mozorroa azken ordura arte ezkutuan mantentzen". Horregatik, begi onez ikusiko lukete lehiaketa antolatzea. Aurten ere mozorro jaitsieran izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak