Jaiei izena ematen dien ekintza, Ferixa Nagusia, domekan, hilak 3, ospatuko da. 09:00etatik aurrera, ganadu erakusketa, artisauak, makineria eta burdindegi azoka izango dira herriko erdigunean. Aurten, 20 idi pare izango dira ferian; alkate Iraitz Lazkanok dioenez, "Euskal Herrian, edo inguruan, behintzat, idi pare gehien biltzen duen feria da". Ganaduzaleak Euskal Herri osotik eta kanpotik –Lyongo batzuk ere badatoz– etorriko dira, baina gehienak Gipuzkoa eta Bizkaikoak izango dira.
Artisauen postuak ere ezinbesteko izaten dira Ferixa Nagusian; aurten, 15en bueltan izango dira, Udalaren esanetan. Bestelako ekoizleen postuak beste 50 izango direla kontuan hartuta, denetara, 70 erakusketa eta salmenta postuk alaituko eta girotuko dituzte herriko kale eta txoko nagusiak.
Aurten, nobedade gisa, Debagoieneko Mankomunitateko Turismo zerbitzuaren eskutik, bailarako txakolin elkartearen hiruzpalau postu egongo dira farmazia parean, produktua ezagutarazteko. Horrez gain, ohi bezala, Kilometroak jaiaren postu bat ere izango da ferian.
Eguneko egitaraua osatzeko, 18:00etan buruhandiak irtengo dira; 19:00etan, itxiera emanaldia izango da, urtero bezala, aurten Eriz Magoaren eskutik, herriko plazan; eta 20:15ean, txitxiburduntzia izango da gaztetxean, gazteek antolatuta.
Jaien egitarauan, ekintza eta eginbehar bakoitzaren gastuak eta, izatekotan, diru-sarrerak zehaztu ditu Udalak; bada, horren arabera, azokak 8.717,06 euroko gastua ekarri du.
Zirkulazioan aldaketak
Feriak ohiko espazioak hartuko ditu: Mendizaleen Plazan, saltzaileak; arkupean eta pretil azpian, artisauak; eta Berraondokoan, makineria eta abereak.
Zirkulazio aldetik, hainbat kontu daude gogoan izatekoak. Hala, egueneko 19:00etatik hasi eta jaiak bukatu arte, domekako 20:00ak arte, itxita egongo da Bergaratik herrira doan bideko semaforotik arkurako tartea, Gudarien Bidean. Horren ordez, Berraondokotik doan bidetik ibili beharko dira gidariak.
Autoa uzteari dagokionez, Udalak eskatzen du inguruan ez aparkatzea.
Bestalde, zapatuan 09:00etan hasiko dira feria muntatzen, eta, horretarako, hutsik egon behar da Berraondoko aparkalekua. Ordurako ibilgailua norberak kendu ezean, garabiak kenduko du.
Autobusa bariku gauerako
Aurten, nobedade gisa, autobusak egongo dira Antzuola-Bergara-Elgeta linean barikuan, etortzeko zein joateko, eta berdin Eibartik Elgetara. Zopilotes Txirriaos eta DJ Bull-en emanaldietarako antolatu dituzte.