Eguenetik domekara bitartean ospatuko dituzte Ferixa Nagusiko jaiak, Elgetan. Bestela esanda ekainaren 30etik uztailaren 3ra bitartean. Udalak egunotan banatuko du jaien egitaraua etxez etxe, eta bertan jasotzen denez gastua, aurten, 39.922,56 eurokoa izango da.
Jai Batzordeak, orokorrean, jarraipena emango dio Ferixa Nagusiko jaien nolakotasunari, baina badaude esanguratsuak diren zenbait aldaketa. Esaterako, eguenean, mozorrotutako taldeek argazkia ateratzeko txoko bat egongo da plaza inguruan. Udalak, bestalde, ez du Herri Egunean asto lasterketarik antolatuko, eta sokamuturra saio bakarra izango da aurten, barikukoa. Zapaturako herri kirol parte-hartzaileak daude iragarrita herri bazkari osterako. Taldeka antolatuta bost kirol proba izango dituzte parte-hartzaileek: trontza, lokotx batzea, ingudea, sokatira eta giza-proba. Nahi duenak harri-jasotzaile lanetan ere aritzeko aukera ere izango du. Interesatuek aurrez eman behar dute izena danonartian@elgeta.net helbide elektronikoan.
Musika taldeak
Eguenean, Dantzadi taldeak egingo du erromeria. Barikurako DJ Bull eta Zopilotes Txirriaos daude iragarrita eta zapaturako Jainaga eta Narbaiza, The Vartools eta Patxuco Nice. Jaiak antolatu ostean jakin du Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiak ez dituela aurten musika emanaldiak diruz lagunduko. Albiste txarra izan da, izan ere aurreko urteetan eta Udalak emandako informazioaren arabera 4.000 euro inguruko diru-laguntza jaso da zeregin horretarako.
Soka-dantza etorri berriendako
Herri Egunean jaioberriei ongietorria eta soka-dantza egingo dituzte. Hala, udal ordezkariek dantzan egingo dute herriarendako. Aurten, eta onartu berria den Harrera Protokoloa aintzat hartuta Udalak Elgetara etorri berriak diren herritarrak gonbidatuko ditu soka-dantzan parte hartzera. Jakinarazi dutenez hogei bat lagun dira.
Txartelak salgai
Salgai daude Julian Markiegiren kioskoan barikuko umeen bazkarirako txartelak. Prezioa da sei euro eta menua pasta, oilaskoa eta izozkia. Herri Eguneko paella janerako txartelak ere eskuragarri daude kioskoan lau euroko prezioan.
Zapi morea
Ferixa Nagusiko jaietako zapiaren kolorea, aurten, morea izango da eta laster ipiniko dute salgai Jai Batzordeak. Herriko tabernetan egongo da eskuragarri hiru euroko presioan.
Udalak, bestalde, emakumeek jaiak askatasun osoz gozatzeko duten eskubidea aldarrikatzeko emakumeenganako indarkeriaren aurkako kanpaina egingo du. Hala, eraso sexisten aurkako esku-orriak argitaratuko eta banatuko ditu herrian orientazio eta aholkularitza zerbitzuen berri emanez. Pegatinak ere aterako ditu Indarkeria matxistarik ez!! leloarekin.
Ferixa Nagusiko Jaiai. Egitaraua hemen.