"Magiaren urrezko garaiko magoak" gogora ekarriz txundituta utzi du Asier Kidamek Espaloiko ikuslegoa

Maite Txintxurreta 2016ko eka. 3a, 22:11

Mago gasteiztarraren ikuskizunak ireki du asteburu honetan Elgetan egingo den Euskarazko Magia Mostra. Gaurkoa ikuskizun familiarra izan da, eta guztiek, haur zein nagusi, ahozabalik bukatu dute. Bihar gauean, zapatua, Tor eta Txoborro bikotea eta Imanol Ituiño izango dira taula gainean.

Soka lotu eta askatzearena bezalako magia truko klasikoetatik hasi eta berritzaileetaraino, denetariko aztikeriak ikusi ahal izan dituzte Espaloia kafe antzokian bildutakoek Asier Kidamen eskutik.

1805 izeneko ikuskizuna taularatu du magoak, Robert-Houdin maisuaren omenezko keinua, "sekula izan den magorik handiena", Kidamen beraren esanetan; izan ere, mago ospetsuaren jaioturteagatik jarri zion izen hori. Hain zuzen, historian zehar izandako mago handiengan oinarritzen da ikuskizun hau, eta beraien trukoak taularatu ditu gasteiztarrak.

Ikuslegoa konplize

Kidamen ikuskizunetan ezin daiteke falta publikoaren parte hartzea, eta gaurkoan ere protagonismo handia izan dute ikusleek, gazteenek batez ere. Hala, karta edo zenbakiak aukeratu edota kristalezko bola baten laguntzaz ondokoak liburu batetik aukeratutako hitza zein izan den asmatu ahal izan dute neska mutikoek.

Aulkietan jarrita zeudenek ere parte hartu dute, besteak beste, "iraganeko magoen espirituei" dei egiten. Hala, guztien laguntzaz, espektakulu borobila izan da gaurkoa, eta ikusleen txalo zaparrada artean agurtu da Asier Kidam.

Datozen hitzorduak

Euskarazko Magia Mostra hasi besterik ez da egin, eta bihar gauean ikuskizun bikoitza izango da Espaloia antzokian. 22:00etan Tor eta Txoborro mago bikotearen eta beraien Aztikeriak emanaldiaren txanda izango da, eta jarraian, Imanol Ituiño bilbotarraren Magia parrastan ikuskizunak hartuko du agertokia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak