Laura Mintegi, Eider Mendoza eta Onintza Enbeita erabakitzeko eskubideaz aritu dira Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko eka. 2a, 12:10

Eider Mendoza, Onintza Enbeita eta Laura Mintegi, atzo, Elgetan.

Domekan herri galdeketa egingo dute Elgetan ere, eta Erain Debagoiena Elgetako lantaldeak gonbidatuta, atzo, erabakitzeko eskubidearen inguruan egin zuten berba Eider Mendozak, Onintza Enbeitak eta Laura Mintegik. Hogeita hamar bat herritar izan ziren entzuten.

Hiru emakume elkartu zituen atzo Elgetako udaletxean Erain Debagoiena Elgetako lantaldeak: Laura Mintegi, EHUko irakaslea eta EH Bildu koalizioko legebiltzarkide ohia; Eider Mendoza Eusko Alderdi Jeltzaleko kidea eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria; eta Onintza Enbeita bertsolaria eta diputatu ohia Madrilen EH Bildu koaliziotik.

Hirurek defendatu zuten Gure Esku Dago dinamikak bultzatuta domekan hainbat herritan egingo den herri galdeketa. "Gu ere bagara ematen dugun irudia, eta domekako ekintzak, sinbolikoa izanda ere, badu bere balioa", esan zuen Onintza Enbeitak. "Guk galdetu egiten dugu. Prest gaude gure kontra aterako den erantzun bat entzuteko. Madrilen ez dute ariketa demokratiko hori ikusi nahi".

Zertarako loteslea edo binkulantea ez den herri galdeketa? galderaren aurrean Mendozak esan zuen: "Erantzunari diolako beldur Espainiako Estatuak".

Gure Esku Dago dinamikak bultzatuta egingo dira domekan hainbat herri galdeketa. Hiru urteko ibilbidea egin du Gure Esku Dago mugimenduak eta ibilbide horren inguruan berba egin zuten hiru hizlariek. Laura Mintegik esan zuen, esaterako: "Lurrera jaitsi dute posibilitatea. Berbaliza daiteke. Ikusita nondik gatozen aurrerapauso handia da hori".

Herri galdeketa Elgetan

Domekan ere 09:00etan zabalduko dute botoa emateko mahaia Elgetan, eta 20:00etan itxiko dute. Salbador kalean egongo da kokatuta, botika parean.

Botoa emateko ezinbestekoa da Elgetan erroldatuta egotea eta 16 urte beteak izatea. Aurkeztu beharko dira Nortasun Agiria, baldin eta Elgetako helbidea agertzen bada. Ez bada Elgetako helbidea agertzen errolda agiria ere aurkeztu beharko da. EHNArekin ere botoa emateko aukera izango da, beti ere errolda agiriarekin. Atzerritarrei argazkia duen identifikazio agiri ofizial bat eta errolda agiria eskatuko zaizkie.

Elgetako zenbaki saritua

Elgetako Gure Esku Dagok jakinarazi du barikuan egindako zozketako zenbaki saritua 522 dela eta ordezkoa 630. Irabazleak ekainaren 11ra arteko epea du saria jasotzeko. Saski eder bat da. Ez bada 522 zenbakidun saritua agertzen ordezkoari jasoko du saskia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak