Goizean kantuan eta arratsaldean dantzan egiteko eguna antolatu dute domekarako Elgetan.
Elgetan Kantuan taldeak inguruko herrietakoa kantu-jiran taldeak ere gonbidatu ditu eta Aretxabaleta, Eibar eta Arrasateko taldeek onartu dute gonbidapena. "Baliteke azken orduan beste herriren batek ere baiezkoa ematea. Denok elkarrekin kantuan ibiltzea da asmoa, herrian zehar. Elgetako taldeak kantu-liburua du eta salgai jarriko ditugu bost eurotan. Hor agertzen diren kantuen zerrenda pasa diet dagoeneko domekan etorriko diren beste herrietako kantariei. Kantu klasikoak eta ezagunak dira denak", azaldu du Lorea Larrañagak. Kantuan ibili ostean, bolatokian bazkalduko dute guztiek elkarrekin. 50 bat lagun izango dira.
Jainaga eta Narbaiza
Arratsaldean, 18:00etan, dantzan egiteko aukera egongo da Herrixa Dantzan ekimenaren eskutik. Ordua zehaztuta badago ere, tokia azken orduan erabakiko dute, eguraldiak baldintzatuko du eta; txarra eginez gero, gimnasioan izango da, eta ona egiten badu, kanpoan. Jainagak eta Narbaizak bazkalostetik aurrera girotuko dituzte bolatokia bera eta herriko kaleak.