Apirilaren 9an eman zioten hasiera 2016ko Gipuzkoako hiru txirlo txapelketari. Bederatzi jardunaldi izango ditu txapelketak eta zapatuan, maiatzak 21, jokatuko da zazpigarrena Elgetako bolatokian. "Joan den astean hasi ginen bolatokia prestatzen", adierazi du Elgetako taldeko bolari Sebas Arantzabalek.
Zapatuan 17:00etan hasiko da bolo tiraldia. Gipuzkoako txapelketako jardunaldia izanda ere parte hartu nahi duten guztiei dago zabalik. Interesatuek egunean bertan eman behar dute izena bolatokian. Antolatzaileek 60 bat lagun espero dituzte.
Elgetarrak txapelketan
Lehian da, aurten ere, Elgetako talde bat. Taldekideak dira Segundo Pagaedi, Antonio Ibarluzea, Gorka Bereziartua, Xabier Ortuzar, Sebas Arantzabal, eta argazkian falta den Geaxi Ezpeleta. "Taldeko bi gazteenek ondo hasi zuten txapelketa", azaldu du Arantzabalek. "Ortuzarrek lehenengo jardunaldia irabazi zuen eta Bereziartua aurrean ibili da azken jardunaldietan behera egin arren". Une honetan Sebas Arantzabal da sailkapenean ondoen kokatuta dagoena: zazpigarren doa 21 txirlo jota. Bereziartuak 18 txirlo jo ditu, eta Ortuzarrek 15.
Txapelketako lehen sailkatua, une honetan Elgoibarko Unai Loiola da eta 27 txirlo jo ditu. Elgetako tiraldiaren ostean beste bi geldituko dira. Maiatzaren 28an Soraluzen jokatuko dena, eta azkena ekainaren 4an Bergarako San Joxepen egingo dena.