Elgetako hiru pilotu lehiatuko dira, zapatuan, Gorlako Igoeran

Josu Bilbao 2016ko mai. 3a, 12:12
Mikel Beretxinaga eta Oskar Sarasua elgetarrak prestatzen diharduten autoekin.

Mikel Beretxinaga (22 urte) eta Oskar Sarasua (22 urte) elgetarrak euren autoak puntuan jartzen ari dira azken egunotan, motorraren munduan debuta egiteko asmoarekin. Eskarmentu gehiago duen Asier Unzetabarrenetxea ere lehian izango da.

Beretxinagak eta Sarasuak aurrenekoz parte hartuko dute lehiaketa ofizial baten eta zapatuan, hilak 7, jokatuko den Gorlako Igoeran izango da. Urduri egon arren, bolanteari heltzeko gogotsu daude. Gainera, aurten Gorlako Igoeraren 25. urteurrena izango da, edizio berezia, eta etxeko taldearekin, Gorla Racing-ekin, lehiatuko dira elgetarrak. “Apur bat urduri gaude, bai, baina dena prestatzen dugunean lasaiago ibiliko garela uste dut. Ea eguna heltzen den, pasatzen den, eta dena ondo irteten den”, azaldu du Mikel Beretxinagak. “Oraindik gauza batzuk gelditzen zaizkigu, babesleen pegatinak jartzea, adibidez, baina autoetan egindako lan gehiena bukatuta dugu. Orain, lehia aurreko urduritasuna sumatzen hasi gara”, azpimarratu du Sarasuak.

Beretxinagak BMW E30 autoarekin parte hartuko du eta Sarasuak, Opel Astra GSI batekin. “Astrarekin lehiatzea azken unean erabaki nuen. Kopilotu lanetan ibiltzea zen nire lehenengo asmoa, Mikelen aldamenean, baina burua pixka bat berotu zidan, eta, azkenean, animatu egin naiz”, adierazi du Oskar Sarasuak.

“BMW autoak beti gustatu izan zaizkit eta auto honekin parte hartzea hasieratik erabaki nuen. Orain, ibilgailua puntuan jarri eta Mirandako zirkuituan probatu egin beharko dugu, autoak ondo portatzen diren edo ez ikusteko”, dio Beretxinagak.

Gorlako proban parte hartu ostean, Zornotzako Rallysprintean ibiltzea da elgetarren asmoa. Gainera, Gernikako Rallya ere denboraldiko helburuen artean dute. “Udanako Igoera ere egingo dugu, ia ziur. Koldo Olaortua urretxuarra, koadrilakoa, kopilotu lanetan arituko da nirekin, eta bera ere pozik eta gogoz dabil. Mikelek ez daki oraindik seguru parte hartuko duen edo ez, eta oraindik ez daki eramango duen kopilotua nor izango den”, azaldu du Sarasuak.

Zaletasuna Elgetan

Iaz Asier Unzetabarrenetxea elgetarra izan zen motor probetan parte hartu zuen bakarra. Aurten, ostera, Elgetako hiru gazte ibiliko dira lehiatzen. “Herri txiki bat izateko, hiru pilotuk parte hartzea... kopuru esanguratsua dela uste dut. Beraz, afizioa badagoela esan daiteke. Autoen inguruko zaletasuna, gutxienez, badago. Lehiatzea, gero, beste gauza bat da”, dio Oskar Sarasuak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak