Aldian aldian SketchCrawl topaketak egiten dituzte inguruko margolariek eta gaurkoan Bergarako elkartea izan da antolatzailea. Elgeta aukeratu dute topaleku eta herrian izan dira 27 margolari. Beart elkarteko Pilar Azkaratek jakitera eman duenez Bergararrak asko izan dira, baina Arrasatetik, Elorriotik, Bilbotik edo Iruñatik etorritakoak ere egon dira.
Isilik egiten dute lan margolariek, eta azkar. Hamar minutuan herriko ia edozein bazter margotzeko gai direla erakutsi dute. Gauza ederra da ondo margotzen jakitea.
Herria margotzen
Herriko plazan elkartu dira margolariak 10:00ak aldera eta nork bere txokoa aukeratu du margotzeko. Plaza inguruan, Salbador kalean, Andra Mari plaza, Maala parkea... txoko eta kantoi ezberdinetan ikusi dituzte gaur elgetarrek margolariak. "Euriak kalte pixka bat egin digu baina ez asko. Oso ondo joan da topaketa eta arratsaldean bisita gidatu batean parte hartzeko gonbidapena jaso dugu", esan du Azkaratek. "Eskertzen diogu Udalari egindako harrera".