Lehenengo aldia da Elgetan zumba maratoia antolatu dutela. Herrian badago zumba egiten duen talde bat eta irakaslearen laguntzarekin bi orduko maratoia antolatzera animatu dira. Gainezka egin dute aurreikuspenek; izan ere 52 lagunek eman dute izena. Guztiak emakumeak.
50 minutuko bi saio
Espaloia kafe antzokian egin dute zumba maratoia 10:00etan hasita. Erritmo biziko doinuak entzuten ziren kanpotik, eta barruan gustura zebilen emakume taldea zen ikusgai. Areto handia da Elgetako kafe antzokia baina soberan leku gutxi zegoen gaur.
Irribarrea ahoan dantzarako gertu zeuden emakumeak, eta agertoki gainetik hiru irakasleek gidatutako koreografiak dantzatu dituzte bata bestearen ondotik. 50 minutuko bi saio egin dituzte. Gustura egin dute dantzan eta gaurkoan ondo astindu dute gorputza.
"Giro oso ona izan dugu", adierazi du antolatzaile taldeko Maria Luisa Abantok. "Hurrengoa noiz antolatuko dugun galdetu digute". Pozik agertu dira antolatzaileak.