Bergarako bost organo ikaslek kontzertua egin dute, gaur, Elgetako elizan. Lagun izan dute emanaldian Josean Pascual irakaslea. Seiren artean hamar pieza eskaini dituzte, eta asteroko elizkizunetan entzuten ez zaizkion erregistroak eta doinuak entzun zaizkio gaurko emanaldian organoari.
Organo-jotzaileak izan dira Eugenio Etxebeste (Arrasate), Lorea Larrañaga (Elgeta), Pello Lete (Antzuola), Leo Juaristi (Azpeitia) eta Mikel Ansola (Markina). Azken hori 16 urteko organo ikaslea.
Ikasleek lagun izan dute irakaslea, Josean Pascual donostiarra. Pascualek ere hainbat pieza jo ditu. Seiren artean Bach, Frescobaldi, Boëllmann, Bruna edo Buxtehude musikarien piezak eskaini dituzte, besteak beste.
Organo "noblea"
Emanaldiaren amaieran Elgetakoa organo polita dela esan du Josean Pascual irakasleak. "Txikia baina oso instrumentu noblea". Lorea Larrañagak jotzen du Elgetako organoa elizkizunetan, eta adierazi du kontzertuan eta kontzertua prestatzeko egindako saioetan astindu ederra eman diotela instrumentuari. "Hauts ondo kendu diogula uste dut", esan du irribarrez.
Polita izan da emanaldia. Kontzertua entzutera gerturatutako 30 bat lagunek txaloekin agurtu dituzte ikasleak.