Udal liburutegiko Geaxi Ezpeletak eta Lierni Urbistondok prest zuten mahaia 16:00etarako plazan. Eskolatik irtendakoan neska-mutikoek harrera polita egin diete liburuzainek kutxetan sailkatuta zeuzkaten ipuinei. Margotzeko txokoak ere erantzun polita izan du.
Bihar, apirilak 23, Liburuaren Nazioarteko Eguna da eta hori horrela Liburuak plazara ekimena antolatu dute liburutegitik. Zerbitzuak ematen dituen aukerak eta martxan dituen ekimenen berri jaso dute plazan kokatutako mahaira gerturatu direnek.
Liburu zozketa batean parte hartzeko aukera ere izan dute. Nahi zen idazle baten izena ematea zozketan sartu ahal izateko, eta irabazleak izan dira: Lili Arantzabal, Uxue Martin, Amaiur Gurudi eta Ainara Totorikaguena. Liburu bana jaso dute opari.
Jolasak
Ipuinak irakurtzeko aukera emateaz gain 17:00etan umeendako jolasak gidatu dituzte Ezpeletak eta Urbistondok. Liburu harrapaketa, margoketa, eta ipuin kontalari saioa egin dituzte besteak beste.