Beteta dator aste bukaerako agenda Elgetan. Zapatuan, apirilaren 23a, Liburuen Nazioarteko Eguna da eta gogora ekartzeko hainbat ekintza iragarri dituzte bariku arratsalderako Elgetako Udal Liburutegitik.
Urtero moduan plazara aterako ditu liburuak liburutegiko arduradunak. Helburua da liburutegi zerbitzua ezagutzera ematea. 17:00etarako haurrendako jolasak iragarri ditu, eta 18:00etan liburu zozketa egingo du plazan. Ekintza guztiak herriko plazan egingo dituzte.
Bisita gidatuak
Astelehenetik aurrera Kultura Astea egingo dute Elgetako Herri Eskolan. Hainbat ekintza antolatu dituzte, tartean bisita gidatuak liburutegira. Liburuzainak gidatuko ditu saio horiek. Astelehenean lehenengo mailako neska-mutikoak joango dira bisitan liburutegira, eta martitzenean seigarren mailakoak.