Lau urte ditu etxabeak eta ganbarak etxebizitza egiteko ordenantzak Elgetan, eta ordenantza hori garatzeko erabakia hartu du, aho batez, Elgetako udalbatzak. Iraitz Lazkano alkateak adierazi du urteotan ez duela garapenik eduki. "Aukera ematen du etxebizitzak egin ahal izateko, baina baldintzetan ez daude jasota salmenta prezioa, ordenantza fiskalak, eta abar. Egiten diren etxebizitzak legalki eginda egoteko garapen bat emateko konpromisoa hartu behar dugu", esan du.
Oposizioak begi onez ikusi du proposamena eta gisa honetako etxebizitza promozioak oztopatuko ez dituzten neurriak hartu beharko liratekeela uste du.
Eskaerak badaude eta ordenantza garatu bitartean banan-banan aztertuko ditu Udalak.