Oihana Kortazar elgetarrak Cabralesen (Asturias) jokatutako kilometro bertikala irabazi zuen aurreko aste bukaeran, 2.15.45eko denbora eginda. Lehia estua izan zuen Paula Cabrerizorekin (bigarrena) eta Vanesa Ortegarekin (hirugarrena).
Gizonezkoetan, Ferran Teixido izan zen onena.
Hiru kilometro bertikal
Cabralesko kilometro bertikalak hiru proba ditu, eta egun egiten diren kilometro bertikaletako probarik gogorrenetakoa da.
Lehenengo bertikala Calluengaraino egin zuten, 2,5 kilometro eta 984 metroko desnibel metatuarekin. Proba horretan Cabrerizo izan zen azkarrena 44.05eko denborarekin; Kortazar bigarren sailkatu zen 44.28ko denborarekin.
Bigarren igoera Subisomasera izan zen (hiru kilometro) eta hirugarrena Aventonera (1,9 kilometro). Bietan, korrikalari elgetarra izan zen azkarrena, lehenengo igoeran galdutako denbora berreskuratzeko gai izan zen eta lasterketa irabazi zuen.
Asturiasko probaren ostean, Kortazarrek Espainiako trail txapelketan parte hartuko du aste bukaeran, La Palman.