Elgetako Udalak eta Intxorta 1937 Kultur Elkarteak Intxortako Erresistentzia Eguna antolatu dute apirilaren 24rako. Egun horretan beteko dira 79 urte Intxortako frontea jausi zela, eta aurten emakume erresistenteak eta errepresaliatuak omenduko dituzte Elgetako ekitaldian.
Gertu dute egitaraua, eta osatzen doaz omenaldia jasoko duten emakumeen zerrenda. Antolatzaileek, orain, boluntarioak eskatzen dituzte eguerdian Intxortako Ate parean egitekoa den errekreazioan parte-hartzeko. "80 bat lagun daude izena emanda, baina boluntario gehiago behar ditugu. Dei berezia egiten diegu bai elgetarrei eta bai emakumeei", esan dute. Interesatuek Elgetako udaletxean eman dezakete izena.
Egitaraua prest
Apirilaren 2an Mauro Saraviaren Azken batailoia argazki erakusketa ipiniko dute Elgetan, eta apirilaren 23an bisita gidatu berezia (18:00), musika performancea (19:30) eta Memoriaren Gaua (22:30) egingo dituzte Perlak eta Gose taldeekin. Biharamunean, apirilaren 24an, errekreazioaz eta omenaldiaz gaindi herri bazkaria egingo dute frontoian. Menu berezia izango da: txitxirioak edo garbantzuak, haragia, kontserbako arraina eta kanpainako gailetak. Salgai daude txartelak.
Bisita gidatuetan eskaintza zabalagoa
Hilero bi bisita gidatu antolatzen dituzte Elgetan Intxortako frontea ezagutzeko. Apirilean hiru izango dira: apirilaren 3an, 10ean eta 17an. Apirilaren 24an Intxortako borrokaldien errekreazioa eta Erresistente Eguna egingo dituzte.
Bisitok 10:00etan abiatuko dira Espaloia kafe antzokian dagoen Memoria Historikoaren Euskal Interpretazio Zentrotik, eta hiru ordu eta erdiko iraupena izango dute. Prezioa da bost euro. 0-6 urte artean doan, eta 6-16 urte artean bi euro. Interesatuek aurrez eman behar dute izena. Kontaktuak dira 943 71 89 11 edo 943 79 64 63 edo turismo@debagoiena.net