Zein da Espaloia kafe antzokiaren gaur egun egoera?
Ekitaldiek jarraitu egingo dute. Hau da, ekitaldi bat programatuta dagoenean antzokia zabalik egongo da, baina aste bukaeratan taberna ez da zabalik egongo.
Zein da azkenean egoerari aurkitu diozuen irtenbidea?
Danok dakigu antzokiaren martxa zein izan den. Pixkanaka-pixkanaka antzokia gero eta jende gutxiago erakartzen joan da, eta txikitzen joan den proiektu bat izan da.
Bagenuen irailera arte eginda zegoen kontratu hori eteteko asmoa. Aspaldian nahiko garbi geneukan gaur egungo egoera honek ez zuela irtenbiderik, eta ibili gara biderik egokiena zein izango zen aztertzen. Hor badago pertsona bat bere bizi proiektua bertatik ateratzeko asmoa zeukana eta behin eta berriz egon gara berarekin negoziatzen ea zein izan zitekeen biderik egokiena kontratu hori eteteko. Berak orain beste lan bat topatu du eta ezin du taberna zabalik eduki. Eskatu du kontratua eteteko eta udalbatzak martitzeneko osoko bilkuran erabakiko du horren gainean. Aretoari dagokionean mantendu egingo ditugu programatuta dauden ekitaldiak, esaterako Herrixa Dantzan edo bisita gidatuak, baina barra zerbitzua ez da egongo oraingoz.
Noizko aurreikusten duzue kontratua etetea?
Alokairudunak borondatez eskatu du kontratu hori bertan behera lagatzeko. Martitzeneko osoko bilkuran oniritzia emango diogu edo ez eskaera horri. Espero duguna da osoko bilkura horretan udalbatzak kontratua bertan behera gelditzeko onarpena ematea.
Zorra nola gelditzen da?
Udalak exekutatu egingo du alokairudunak hasieran ipinitako 12.000 euroko abala. Horrekin zorra ez da erabat kitatuta geldituko. Aztertu behar dugu zor horretatik zer den benetan kobratu beharrekoa. Egiteko daukagu oraindik zor horren zerrenda eta ikusteko daukagu zor hori zein kontzeptugatik den. Kontzeptu oso ezberdinak daude, esaterako, kontratatutako elektrizitate potentzia.
Behin kontratua etenda etorriko litzateke parte hartze prozesua?
Etorkizunera begira gure asmoa da herritarrekin batera aztertzea kulturak Elgetan zer izan behar duen eta kafe antzokiaren etorkizunak zein izan behar duen. Presarik gabe egin nahi dugu prozesu hori. Ea horrela lortzen dugun baldintza-agiri berri batzuk diseinatzea eta Espaloiak behar duen martxa edukitzea.
Noizko aurreikusten duzue parte hartze prozesu hori?
Lehenengo eta behin kontratua eten eta areto horren erabilera berreskuratu behar du Udalak. Dena ondo joatea aurreikusten dugu eta espero dugu bi bat asteko epean kontratua etenda edukitzea eta Udalak aretoaren erabilera bereganatzea. Orduan eta egoera erabat argituta dagoenean abiaraziko genuke parte hartze prozesua.
Zeintzuk izango dira parte hartze prozesu horretan aztertu beharreko gakoak?
Hainbat gako egongo dira oso ondo landu beharko direnak. Gako horietako bat izango da ostalaritza zerbitzuaren eta kultura eskaintzaren arteko harremanak zein izan behar duen. Dena proiektu bakar baten barruan joan behar da? Esleitu behar da bakarrik ostalaritza zerbitzua eta museoa alde batetik eta kultura eskaintza bestetik? Kultura eskaintza hori udaletxeak egin behar du herriko eragileekin batera? Hor hausnarketa nahiko sakona dago egiteko. Eta bestetik aztertu beharko da bideragarria den une honetan Elgetan aste guztian zehar zabalik dagoen beste taberna bat egotea. Kalkulu ekonomikoak egin beharko dira baita ere aretoaren mantenuak hilero zein kostu duen jakiteko… Batzar ireki horretan kalkulu mordoxka izango ditugu egiteko.
Gure asmoa da pauso horiek guztiak poliki-poliki ematen joatea proiektua finkatzen joateko. Behin eta berriz ikusi dugu herri honetan presaka egindako gauzek azkenean nahiko ibilbide motza dutela. Nahiago dugu herritarrekin batera eta poliki-poliki pausoak eman eta oso ondo pentsatu zer den etorkizunean egin beharrekoa berriz ere ez gertatzeko orain gertatu zaigun kasu hau.