Martxoaren 8an estreinatu zuen Goiena Komunikazio Taldeak Makinatxo bat lan dokumentala. Ordu erdiko iraupena duen ikus-entzunezkoa da, eta bertan Elgetako bost emakume dira protagonista: Mertxe Elortza, Miren Villar, Benedikta Bergaretxe, Josefina Sarasua eta Maria Jesus Lete.
Amama dira guztiak, eta herriko beste hamahiru emakumerekin batera bostek hartu dute parte Alicia Gartziak Emakumearen Egunerako egindako argazki erakusketa berezi batean. Gaia, erakusketa horretan, herriko amamak eta beraien lanbideak da.
Aukera baliatu du Goienak erakusketako protagonista horietako bost emakumerekin ikus-entzunezkoa egiteko. Haurtzaroa, eskola garaia, gaztaroa eta baita ere lanbideak dituzte hizpide bost emakumeek dokumentalean.
Mertxe baserritarra izan da eta astean behin jaisten zen Eibarko azokara. Mirenek bordatzea du gustuko baina zerbitzari eta sukaldari ibili da. Benedikta Bergaretxe asko ibilitakoa da baserriko lanetan, eta aspaldiko urteetan Elgetako sakristau lanak egin ditu. Josefina Sarasuaren ofizioa grabatzaile izan da. Dio gustuko lana zuela baina utzi egin behar izan zuela haurrak iritsi zirenean. Azkenik, Maria Jesus Lete jostuna izan da.
Makinatxo bat lan egindako emakumeak dira guztiak. Izen bereko dokumentalaren emanaldi berezia egingo dute eguenean, hilak 17, Elgetako Espaloia kafe antzokian, 18:30ean. Sarrera librea izango da.