Elgetako erretiratuak eta ikasleak, batera ikasten

Bergarako Migel Altuna Institutuak bultzatuta eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo departamentuaren laguntzaz, Elgeta Herri Eskola eta Xalbadorpe Jubilatuen Elkartea elkarrekin ikasteko bildu dira.

Alde batetik, iaz Elkarrekin Ikasten egitasmoaren baitan ospatutako “zuhaitz egunean”  landatu ziren fruta-arbolei jarraipena eman zaie otsailaren azkenengo astean. Horretarako,  Xalbadorpeko 2 kidek, Pedro Marik eta Juan Marik,  haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako gaztetxoei, landatutako zuhaitzak zelan zaindu behar diren erakutsi zien: inguruko belar txarrak kendu, lurra harrotu, ongarri bezala konposta bota, zuhaitzak indar berritzeko adarrak kimatu eta forma eman.

Bestetik, martxoaren lehenengo astean, sendabelarren pomada egin zuten. Xalbadorpeko Juan Mari jubilatuak eta Ramón Elgeta Herri Eskolako irakasleak egin zuten tailer hau. Pomada egiteko aloe vera, hilerri-lili eta intsusa sendabelarrak erabili zuten. Parte hartu zuten 3 eta 5 urte arteko 40 umek asko gozatu, eta oparitxo moduan, ume bakoitzak klasean egindako pomada pote txiki bat eraman zuten etxera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.