Aurrerantzean udal liburutegiko Ipuinen Ordua ekimeneko boluntarioek bi saio egingo dituzte hamabostean behineko eskaintzan.
16:40tik 17:15era 5 urtetik gorako umeendako izango da saioa, eta 17:25etik 18:00etara txikiagoendako. Urte hasieran egindako balorazio bileran adostu zuten boluntarioek egokiagoa izango zela aurrerantzean adin tarte biak bereiztea.
Gu ere kontalari
Haur batek baino gehiagok azaldu du liburutegian ipuinak kontatzeko nahia. Hala, deialdia egin du udal liburuzainak interesa dutenek aukera izan dezaten. Gu ere kontalari ipini dio izena egitasmoari. Asmoa da haurrek kontatzea ipuinak gainerako haurrei. Banaka, binaka, taldeka zein heldu baten laguntzarekin horretara animatu dituzte neska-mutikoak.
Zabalik da izen-ematea apirilaren 22ra arte. Interesatuek liburutegian jasoko dituzte argibide gehiago.