Domekarekin egin ohi ditu irteerak Elgetako Kantsatzeke Mendi Taldeak, baina 2016ko lehenengo txangoa zapatuarekin egingo dute. Botak, makila eta hamarretakoa hartu eta Forondako aireportutik gertu dagoen Oto Goien herrira egingo dute autoz. Taldea 08:00etan abiatuko da Elgetatik. Lau bat orduko Ibilbidea aurreikusi dute, oso erraza eta aldapa handirik gabe.
"Xuabe-xuabe Goroko kobetako barrenera iritsiko gara, pixka bat igo, kobak ikusi eta berriz ere gora joko dugu, Santa Marinako ermitaraino. Hortik aurrera lau-lau jarraituko dugu, azken igoeratxoraino. Puntara helduta, gure oinetan Zuia harana izango dugu, eta, parez pare, Gorbea. Jaitsiera ere lasai lasaia izango da", adierazi dute.
Gaur, eguena, amaitzen da izena emateko aukera. Prezioa da 10 euro. Interesatuek udaletxean, posta elektroniko bidez —kantsatzeke@gmail.com— edo Facebook bitartez —Kantsatzeke— eman dezakete izena.