Asteetako lana izan da. Amamak konbentzitu, argazkia ateratzeko lekua aukeratu, hitzordua egin, argazkiak atera, aukeratu, inprimitu... Gaur ikusi dute emaitza bai protagonistek eta bai gainerako herritarrek. Ikusmina sortu du erakusketak. Argazkietan hurbileko jendea ikustea beti da berezia.
Zeramika gelan ipini dute erakusketa. Hilabetez izango da ikusgai.
Erakusketa ikusi aurretik Udalak deituriko elkarretaratzea egin dute herritarrek plazan, 18:00etan.
Domekan lasterketa
Eta martxoaren 13rako, domeka, berdintasunaren aldeko lasterketa deitu du herritar talde batek Udalarekin elkarlanean. Lasterketa 12:00etan hasiko da —ordubete atzeratu dute hasiera antolatzaileek—, eta ibilbidea da: herriko plaza, Maala parkea, Maala kalea, Domingo Iturbe kalea, San Roke oste, San Roke kalea, Torrealdea, Salbador oste eta Salbador plaza.
Adin guztietako bikote mistoak daude parte hartzera deituak. Udaletxean edo botikan aurki daitezke izen-emate orriak. Amaieran, salda beroa eta jokoak egongo dira herriko plazan edo frontoian, eguraldiaren arabera.