Inoiz baino gogorragoa izan da Finalista Eguna Elgetan

Maite Txintxurreta 2016ko mar. 6a, 16:09
Bapo bazkaldu dute ibilaldiaren ostean

Eguraldiarengatik eta errepideen egoeragatik uste baino jende gutxiagok hartu du parte gaur Euskal Herriko Mendizale Federazioak antolatutako iraupen luzeko ibilaldian. Ausartu direnak ohi baino gehiago tardatu dute ibilbidea osatzen; izan ere, Elgetatik bertatik hasita, bide osoa elurtuta izan dute. Itzuleran, Bolatoki tabernan bazkaria eta sari banaketa egin dituzte.

120 lagunek zeukaten izena emanda gaur egin duten Elgetako Finalista Egunean parte hartzeko; baina azkenean, eguraldiaren eraginez, 70 irten dira. Bidearen egoera kaxkarra bazen ere, gehienek ibilbide osoa burutu ahal izan dute.

Euskal Herriko Mendizale Federazioak antolatutako hitzordua izan da, eta lurralde desberdinetatik etorritako jendeak hartu du parte, baita Elgetako hainbat herritarrek ere: "Nafarroatik, Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik etorri da jendea. Iparraldetik ere etortzekoak ziren, baina errepideen egoeragatik azkenean ezin izan dute", azaldu du antolatzaile taldeko Xabier Goikoetxeak.

Goizeko zortzietan abiatu dira Elgetatik, eta herri guztia zurituta zegoen orduan. Gainera, mendizaleek ibilaldiari ekin eta hogei minututara elurra hasi du. "Guztiek busti-bustita bukatu dute, pena bat izan da eguraldia", adierazi du Goikoetxeak.

Hala, aurreikusitakoa baino ordubete beranduago iritsi dira azken parte hartzaileak Elgetara bueltan, eguerdiko ordu biak alderako.

Gaurkoa bezalako Finalista Egunetan, Euskal Herriko iraupen luzeko martxen zirkuitua osatzen duten ibilbideetatik gutxienez zortzi osatu duten pertsonei (eta zortzi horietatik lurralde bakoitzean gutxienez bat) egiten diete errekonozimendua.

Bazkaria

Bolatoki tabernan egin duten bazkarian berrogeita hamar pertsona bildu dira. Bazkalordua lagunartean eta giro onean igarota, diploma eta sari banaketari ekin diote. Aurten saria Joxe Mari Lizarralde durangarrari ematea erabaki dute, Honek, garaikur bat jaso du federazioko ordezkarien eskutik.

Horretaz gain, zirkuituko martxetako atal desberdinak ere baloratu dituzte federazioko kideek, eta atal bakoitza kudeatzearren sariak jaso dituzte hainbat pertsonek. Ingurumena, ibilbidea, hornidurak eta antolaketa orokorrari dagokiona izan dira baloratu dituzten atalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak