Emakume Langileen Nazioarteko Eguna da martxoaren 8a, eta Udalak elkarretaratzea deitu du 18:00etarako herriko plazan. Une berean inauguratu du Alicia Gartziak herriko zenbait amama protagonista hartuta gertatu duen argazki erakusketa. Hilabete egongo da ikusgai kultura etxeko zeramika gelan.
Gaiarekin lotuta erreportaje berezia egin dute Puntua aldizkarian, eta Goiena telebistak Makinatxo bat lan izeneko dokumentala emango du martxoaren 8an, 22:00etan. Argazki erakusketan parte hartu duten bost amamari egindako elkarrizketetan oinarritzen da dokumentala.
Domekan, lasterketa eta jokoak
Eta martxoaren 13rako, domeka, berdintasunaren aldeko lasterketa deitu du herritar talde batek Udalarekin elkarlanean. Lasterketa 11:00etan hasiko da, eta ibilbidea da: herriko plaza, Maala parkea, Maala kalea, Domingo Iturbe kalea, San Roke oste, San Roke kalea, Torrealdea, Salbador oste eta Salbador plaza.
Adin guztietako bikote mistoak daude parte hartzera deituak. Udaletxean edo botikan aurki daitezke izen-emate orriak. Amaieran, salda beroa eta jokoak egongo dira herriko plazan edo frontoian, eguraldiaren arabera.