Otsailean bete ditu bi urte Udal Liburutegiko Ipuinen Ordua egitasmoak. Harrera ona dute boluntario talde baten eskutik egindako ipuin kontaketa saioek, eta berrikuntzekin dator 2016ko egutegia. "Eskaintza aberasteko helburuarekin 2016an bi adin tarte bereiziko ditugu. Batetik, 5 urtetik aurrerako haurrendako saioak eta bestetik bi urtetik gorako txikiendako tartea", azaldu dute liburutegitik. Saio bakoitzak bi zati izango ditu: 16:40tik 17:15era 5 urtetik gorako neska-mutikoendako, eta 17:25etik 18:00etara 2 urtetik gorakoendako.
Dozena bat lagunek osatzen dute kontalari taldea, guztiak boluntarioak. "2014ko otsailean jarri genuen martxan egitasmoa. Hasiera batean bost saio finkatu genituen arren egitasmoak izan duen harrera paregabea eta haurren, gurasoen nahiz boluntarioen balorazio positiboa tarteko saio berriak antolatzen jarraitzen dugu", adierazi dute Udal Liburutegitik. Emandako datuen arabera 2015ean 217 egun egon da zabalik liburutegia, eta 2.915 erabiltzaile izan ditu, eta antolatutako ekintzetan 639 pertsonek hartu dute parte.
Ipuin kontaketa tailerra
Liburutegiak antolatuta martxoan irakurgaiak aukeratzeko eta lehen irakurleei ipuinak kontatzeko ikastaroa egingo dute Alabazan taldeko kideek Elgetan. Bina orduko hiru saio izango dira: martxoaren 3an, 10ean eta 17an, 17:00etatik 19:00etara. Ikastaroa doan da eta kontalari boluntarioek lehentasuna izango dute. Interesatuek martxoaren 1erako eman behar dute izena liburutegian. Ludoteka zerbitzua eskainiko du Udalak, doan, parte-hartzaileen umeendako.