"Oso garrantzitsua deritzogu parte-hartzearen kultura sustatzeko pausoak ematea", adierazi du parte-hartzerako zinegotzi Janire Lazkano batzorde-buruak. Oposizioa bat dator udal ordenantzak finkatzen dituen helburuekin. "Ordenantzak helburu positiboak ditu eta onartzen du arautegia herriko errealitatera egokitzeko aukera. Kezka dugu praktikak emango duenarekin: herritarrek ulertuko dute ordenantza? Benetan sustatuko du parte-hartzea?", esan du Gu Geu Elgetako Mikel Larreak. Iraitz Lazkano alkateak esan du erronka moduan hartu behar dela herritarrak udal eskumenekoak diren gaietan parte-hartzeko dituzten eskubideen eta baliabideen jakinaren gainean jartzea. Hala, Udalak argitalpen "ulerkor" bat kaleratuko du ordenantzaren gaineko informazioa zabaltzeko.
Baratze parkea
Elgetan erroldatuta ez dauden pertsonek ere baratze parkeko kide izateko aukera izango dute aurrerantzean. Aho batez onartu du udalbatzak ordenantzaren aldaketa. Hogei partzela ditu gaur egun baratze parkeak eta libre daude, oraindik ere, zortzi bat. Elgetarrek lehentasuna izango dutela ere jasotzen du egokitua izan den arautegiak.
Kiroldegiko sauna berriz martxan
Hasiera bateko erabakia sauna ixtea izan bazen ere Udalak berriz ere erabilgarri ipintzeko erabakia hartu du. "Berrikusi ostean erabilera datuak zeintzuk diren sauna zerbitzua zabaltzea erabaki dugu", esan du kiroletako zinegotzi Mikel Elkorok. Udalak jakinarazi du idatziz jasoko dela erabilera, higiene eta segurtasun neurriak zeintzuk beharko duten.
Peoia behar du Udalak
Lan poltsa osatzeko deialdia egin du Udalak. Interesatuek martxoaren 11rako eman behar dute. Argibideetarako jo udaletxera.