Astelehenean sinatu dute hitzarmena Elgetako Udalak eta Eibarko Armas Izarra armategiak. Iraitz Lazkano alkateak azaldu duenez Udalak 3.300 euro ordainduko ditu eta Eibarko armategia arduratuko da Intxortako borrokaldien errekreaziorako erabiltzen diren eta udaletxeko jabetzakoak diren armak modu legal batean gordetzeaz. "Arma horiek izango dira udaletxearen jabegokoak baina egongo dira Armas Izarra armategiaren bilduman erregistratuta", azaldu du Lazkanok. 40 bat fusil dira eta aurrerantzean Armas Izarraren egoitzan egongo dira gordeta. "Errekreaziorako behar direnean armategia arduratuko da Guardia Zibilarekin koordinatu eta agiri guztiak bete ostean modu legal batean ekartzeaz", azaldu du.
Errekreazioaren aurkezpena
Apirilaren 24an egingo dute aurten borrokaldien errekreazioa. Boluntarioak behar dituzte eta interesatuek udaletxean zein herriko tabernetan eman dezakete izena. Aurkezpen ekitaldia otsailaren 27an egingo dute, eta 22:30ean El Drogas & Desmemoria Band taldearen kontzertua dago iragarrita Espaloian.