Goiz, oso goiz, dator aurten Inauteria... Jarraian eta bata bestearen atzetik etorri dira San Blas, Santa Ageda eta Inauteria aspaldiko partez. Hala, ospakizunez beteriko astea izan da azken hau, esate baterako Herri Eskolan. San Blas opilak egiten eman zuten eguazten goiza, eta etxera eraman zuen nork berea labean sartu eta jateko. Biharamun arratsaldean Santa Ageda bezperako koplak abestu zituzten entzun nahi izan zuten guztiendako. Hori guztia Inauteriko mozorroa prestatzeko lanak alde batera utzi barik, garrantzitsua baita mozorroa ondo aukeratzea.
Gaur, 15:00etan, egingo dute urteroko kalejira. Ikasleek eta irakasleek hainbat dantza prestatu dituzte okasiorako, eta mozorroak soinean kalera irtengo dira Inauteriaren berri ematera. Dantza saioarekin amaituko dute: eguraldi onarekin plazan eta txarrarekin frontoian. Ondoren etorriko dira Udalak Maala Guraso elkartearen laguntzarekin antolatutako ekintza bereziak. 16:30ean txokolate-jana eskainiko dute gurasoek, eta 17:00etan neska-mutikoendako jokoak dinamizatuko dituzte. 18:30ak baino minutu batzuk lehenago abiatuko da berriz kalejira. Kasu honetan Espaloia kafe antzokian izango du helmuga bertan hasiko baita disko-festa Mariskal Dejairen eskutik. Hiru orduko iraupena izango du.
Gauerako afaria antolatu dute gaztetxean, eta karaokea iragarri dute gauerdirako.
Erretiratuak martitzenean
Xalbadorpe elkarteko erretiratuak Inauterietako martitzenean, hilak 9, egingo dute urteroko txokolate-jana. 17:00etan elkartuko dira Ozkarbi elkartean. Lehenengo txokolate-jana egingo dute, eta ondoren bingoan egingo dute arratsalde pasa. Bazkide guztiak daude gonbidatuta.