"Balorazio oso positiboa egiten dugu Udal Gobernuko hilabete hauetan egindakoaz. Hauteskunde programa lantzen ibili ginenean 40 lagunek inguruk egin zituzten ekarpenak. Alor guztietan egin ditugu aurrera pausuak, batzuk handiagoak eta beste batzuk xumeagoak", eman dute aditzera.
Orain arte egindakoak
Agintaldiko lehen hilabeteotan hartutako neurrien artean Elgetako EH Bilduk nabarmentzen ditu, besteak beste, udako kanpainako hezitzaileei zazpigarren mailako soldata onartzea, udal kirol eskaintza bikoiztea, ordenantza fiskaletako hobarietan sistema progresiboagoa ezartzea, Danon artian danon herrixa parte-hartze prozesua, Elgetan Berbetan programa, udal webgunearen edukiak eguneratzea eta harrera protokoloa zein presoen familiartekoentzako laguntzak onartzea. Horiekin batera aipatu dituzte Espaloiaren inguruko egoerari zein hondakinen bilketa sistemari egindako jarraipena, eta baita ere herriko kultura eremuen erabileraren inguruko hausnarketa abiaraztea.
Hilabeteotan egindako irisgarritasun eta garbiketa lanak ere kontuan hartzekoak dira Elgetako EH Bilduren ustez. Hala nola, herriko arketak, poligonoko zangak edo baserri bideetako arekak garbitu izana, horietako batzuk auzolanean. Horrekin batera irristakor zeuden hainbat gune egokitu dituztela esan dute.
Elgetako EH Bildutik jakinarazi dute, bestalde, berrikusi egin dituztela zerbitzu guztien defizitaren kalkuluak, Udalaren jabegoko armen legeztatze egoera, Udalaren eraikinen inbentarioa, eta baserri bide guztien egoera. Udal Gobernu berriaren egitekoa, besteak beste, lehentasunak finkatzea izan da, eta jakitera eman dutenez irisgarritasun planean eta inbertsioetan markatu dituzte gehienbat. "Lan asko dugu hurrengo urteetan egiteko, baina prest eta gogotsu gaude. Jakitun gara, bestalde, jaso dugun Udalak erronka potoloak dituela aurretik, aparejadorearekin dugun auzia tarteko", adierazi dute.