Elgetan ere kopla hotsa izan da gaurko egunarekin. Baserritar jantziak soinean jarri eta kalez kale ibili dira Lehen Hezkuntzako neska-mutikoak eta irakasleak Santa Agedaren omenezko koplak abesten. Eguzkia lagun izan dute eta musika irakaslearen trikiti doinuak alaituta dantzan eta giro onean egin dute bueltatxoa.
Herriko Plazan egin dute azken saioa. Iritsi orduko zain zituzten Haur Hezkuntzako neska-mutikoak baita ere hainbat guraso eta senitarteko. Borobilean ipini eta seigarren mailako ikasleek markatutako erritmoan abestu dituzte koplak.