Elgetako neska-mutikoendako marrazki lehiaketa antolatu du aurten ere udal liburutegi zerbitzuak. Gaia izan da: Nor da pertsonaia hau?, eta hiru adin tarte izan ditu lehiaketak. 5-8 urte artekoen mailan Nora Etxabek jaso du lehen saria; 9-12 urte artekoen mailan Amaiur Guridik, eta 13-16 urtekoen mailan Izar Irazabalek.
Atzo, martitzena, egin zuten sari banaketa liburutegian. Bi gaztetxoenek margotzen jarraitzeko materiala jaso zuten, eta Izar Irazabalek Elgetako Ana Mari liburudendan erosketak egiteko 30 euroko txartela. Sariekin batera liburutegian elkartutako senitartekoen eta lagunen txaloak jaso zituzten hiru sarituek.
Marrazkiak ikusgai
Hiru marrazki sarituak ikusgai egongo dira aurrerantzean kultura etxeko horman. Horiekin batera liburutegian egongo dira ikusgai lehiaketara aurkeztutako marrazki guztiak. Azkenik, saritutako hiru marrazkiekin irakurpuntuak egingo dituzte liburutegian, bana marrazki bakoitzarekin. Irakurpuntu horiek eskuragarri egongo dira liburutegian.