Emakumeei aitortza, aurtengo Erresistenteen Egunean

Goiatz Arana 2016ko urt. 21a, 17:13

Errepresaliatuak eta erresistentziako kide izan ziren emakumeen eguna ospatuko dute Elgetan, apirilaren 24an, frankistak herrian sartu ziren egunean, justu. Bada, Intxorta 1937 Kultur Elkartean buru belarri ari dira lanean,  egun horretan Elgetara askotariko emakumeak ekartzeko, gerra garaian eta diktadura urteetan esparru ezberdinetan bete zuten rolaren erakusgarri.

Milizianoak eta gudariak omendu zituzten iaz, eta baita emakume batzuk ere. Aurtengoa, baina, erabat emakumeei eskainitako omenaldia izango da. Intxorta 1937 Kultur Elkartetik adierazi dute horixe dela, hain justu, oroimenaren bueltan lanean dabiltzanen eginbeharra: emakumeak ere egon zirela gogora ekartzea, bigarren tokian geratzen direlako maiz, are gehiago, garai haietan.

Askotariko esparruak

Milizianak, internazionalistak, maistra errepresaliatuak, Emakume Abertzale Batza erakundeko kideak, bortxatuak, zaurituak, hilak, erizainak, erbestera joandakoak, bonbardaketen lekuko izandakoak… askotariko egoerak bizi izandako emakumeak ekartzeko ahalegina egingo dute; nahiko lukete 20-25 inguru izatea eta beste elkarte batzuekin ere ari dira harremanetan.

Eta aurtengoa errepresaliatuak eta erresistentziako kide izan ziren emakumeen eguna izango dela kontuan izanik, egun horretan bertan egingo den errekreazioan emakumeen parte-hartzea aurreko aldietan baino handiagoa izan dadin ere ahaleginduko dira; Elgetako Udalak egina du deialdia, batez ere, herriko emakumeak animatu daitezen.

Errekreazioan parte hartzeko izen-ematea zabalik

Urtero moduan boluntarioak behar dira Intxortako fronteko borrokaldien antzezpena egiteko. Zabalik da izena emateko epea. Interesatuek Elgetako tabernetan –barran galdetuz—, email bidez turismoa@elgeta.net edo telefono bidez 943 76 80 22 eman dezakete izena. "Bereziki gonbidatu nahi ditugu emakume elgetarrak errekreazioan parte hartzera", esan dute Udaletik. 
Antzezpenean parte hartu nahi ez baina antolakuntza lanetan boluntario gisa aritzeko prest daudenei ere dei egin diete izena emateko.

El Drogas & Desmemoria Band, Espaloian

Apirilaren 24an izango da hori guztia, baina testuinguru horretan baita ere, otsailaren 27an, El Drogas eta Desmemoriaren Banda Elgetako Espaloia kafe antzokian izango dira, kontzertua ematen. 

Sombras que la luz grita izeneko kontzertua izango da, eta sarrerarekin batera CD bat emango dute opari. Sarrerak salgai daude dagoeneko, Espaloian bertan, Bergarako Pol Pol tabernan eta www.ticketea.com atarian. Prezioa 17 euro da; aldez aurretik, 14.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak