Badator urtarrilaren 20a, San Sebastian Eguna. Elgetan ere egun seinalatua da, izan ere, XVI. mendetik datorren ekitaldia egiten dute urtero Errege Katolikoen garaitik datorren Nobleen San Sebastian kofradiako kideek. Aurten, kofradiako 24 bat lagun elkartuko dira meza ostean Elgetako parrokiako sakristian egingo den ekitaldian. Bertan, urteko gorabeheren berri eman eta kontuen kitapena egiten dute. 12:00etarako iragarri dute meza. Ondoren, bazkaria egingo dute Bolatoki tabernan. Elgetako ekitaldian Elgetako eta Uberako Nobleak elkartuko dira.
Umeen danborrada
San Sebastian Egunarekin, berriz, danborrada egiten dute Herri Eskolako neska-mutikoek eta badira urte batzuk meza aurretik pare bat pieza eskaintzen dizkietela eliza atarian kofradiako nobleei. Hori da asmoa aurten ere, eta Haur Hezkuntzako umeak hasita daude kantuak ikasten eta errepasatzen.
Eskolako patioan elkartzen dira egunotan irakasleen gidaritzapean danborra jotzen ikasteko. Aste honetan danbor barik eta hurrengo astetik aurrera danborrarekin.
Herri Eskolatik jakinarazi dute neska-mutikoen danborradak bi saio egingo dituela San Sebastian Egunean. Lehenengoa kofradiako kideendako eliza atarian 12:00etan, eta bigarrena frontoi zaharrean 15:30ean. Gurasoak gonbidatuta daude danborrada ikustera joateko.