Etor Garate kirol teknikariak antolatuta mendi ibilaldi polita egin dute, gaur goizean, bizikletan 8-12 urte bitarteko zortzi bat neska-mutikok. Abiatu aurretik bizikletaren zaintza egokirako baliagarri egingo zaizkien hainbat gomendio jaso dituzte Garateren eskutik: frenoak eta gurpilak zelan askatu, ganbera eta gurpil-azala zelan aldatu, abiadura-aldagailuak (kanbioak) nola maneiatu...
Azalpenak amaitutakoan ekin diote mendi bizikleta irteerari. Neska-mutikoak ez ezik zenbait guraso ere gehitu dira taldera eta horiekin batera mendi bizikletan ibili ohi diren Elgetako txirrindulariak, besteak beste, Txomin de Vega, Eneko Ormaetxea, eta Alain Vallejo.
Mendi bizikleta irteera
Goimendi, Karabieta eta Azkonabieta inguruan egin dute mendi buelta neska-mutikoek. Gustura eragin dituzte pedalak herriko txirrindulari trebeenak direnen konpainian. Mendiak lehor daude eta lokatza ez da arazo izan.
Mendiko bizikletarekin egiteko jaitsiera pista bat baino gehiago daude gertatuta Elgeta inguruan, eta zaletasun handia dago. Pista horietako batzuk ezagutzera eraman dituzte gazteak, eta zenbait zati egiteko aukera izan dute nagusienek. Bestalde, De Vega, Ormaetxea, Vallejo zein Garate abiadura bizian ikusteko aukera izan dute. Saltoak ere egin dituzte. (Goiko argazkian Txomin de Vegak egindako saltoetako bat)
Bihar, martitzena, beste mendi irteera bat egingo dute Elgetan. Kasu honetan, 12 urtetik gorakoendako izango da.