Hitzaldia egin du lehenengo Uriartek, eta enduroa zer den azaltzen saiatu da. Esan du enduroa dela adrenalina, adiskidetasuna, leku berriak ezagutzeko aukera, bizikletaren kontrola, lehia... eta batez ere dibertsioa.
Bideo ikusgarrien bidez azaldu ditu kontzeptu horiek guztiak, eta egindako ibilbidearen berri eman ostean hainbat argibide eman ditu. "Gozatzen dudalako ibiltzen naiz bizikletan. Enduroak lagunartean irtetera bideratzen du (...) Eta bizikleta zure parte bat da, zuk kontrolatzen duzu". Azaldu du enduroak gorakada handia izan duela azken urteetan, eta lasterketa oso bereziak egiten direla. Frantziako Pirinioetan eta Alpeetan egiten direnak ditu gustukoen. "Enduroko bizikletek edozein mendi puntara iristeko aukera ematen dute", esan du. "Aizkorri bizikletarekin ezagutu nuen. Ez nengoien aurretik inoiz egonda".
Bideoetan jaitsiera ikusgarriak egiten agertu da Uriarte, besteak beste Aizkorrin edo Anboton. Eta Tourmalet kaballitoa egiten igo eta jaitsi zueneko aldia ere agertu da.
Ekipamendua
Enduroa egiteko ekipamenduaz ere aritu da Uriarte. Kaskoa janztearen garrantzia azpimarratu du eta betaurrekoak eta belaunetako babesak ere aipatu ditu. Esan du enduroak gero eta presentzia handiagoa duela gurean eta Elgetan bide oso politak daudela: "Aurreko astean izan nintzen, eta bide oso politak eta oso ondo prestatuak daude hemen enduroan ibiltzeko", esan du.
Gaztetxoei aurreko esekidurarik gabeko bizikletarekin ikasten hasteko gomendioa egin die, eta ondo babesteko: "Enduroak bere arriskuak ere baditu. Abiadura dago, jausiak... Eta gero dago norberak zenbat arriskatzen duen. Arraroa da erortzen ez zaren eguna, baina ondo babestuta bazoaz oso arraroa da zerbait apurtzea", esan du.
Erakustaldia plazan
Hitzaldia amaitutakoan ekipamendua jantzi eta erakustaldia egin du Markel Uriartek Elgetako herriko plazan. Jausi eta pirueta ikusgarriak egin ditu haur zein helduen gozamenerako. Bizikleta gainean igo eta jaitsi ditu, esaterako, eliza atariko eskailerak.