Olentzerok jakinarazi du aurten ere Elgetan izango dela hilaren 23an

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko abe. 18a, 12:00
Olentzero, iaz, Elgetan.

Apaingarriak egin eta plaza atontzeko tailerra deitu dute gaurko, 16:00etan. Hasi da atzera kontua!

Hemen dira Gabonak, eta gaur, 16:00etan, apaingarriak egiteko eskulan tailerra izango dute neska-mutikoek plazan, 16:00etan. Asmoa da eskuz egindako apaingarriekin plaza atontzea. Bestetik, Alicia Gartziak egindako eskulan erakusketa zabalduko dute gaur, 18:00etan, buztin gelan. Gabon kutsua du erakusketak eta ikusgai egongo da aste bukaera honetan eta hurrengoan —ikus agenda—.

Gogoratu, bestalde, ate irekiak dituztela ludotekan: 17:00etan 3 urtetik bigarren mailara arteko neska-mutikoendako, eta 18:00etan hirugarren mailatik seigarren mailara arteko gaztetxekoendako. Pelikula bat ikusteko aukera izango dute.

Bihar, zapatua, Barakaldoko Gabonetako Haur Parkera irteera egiteko aukera izango dute 11 urtetik gorako neska-mutikoek, eta astelehenean, hilak 21, urteroko bisita egingo diete alkateak eta herritar talde batek Bergarako Mizpirualde egoitzan bizi diren elgetarrei. Gaur egun lau elgetar bizi dira Mizpirualden, bi emakume eta bi gizonezko.

Neska-mutikoak protagonista

Martitzena, hilak 22, egun berezia izango da Elgetako Herri Eskolan. Gabonetako oporrak hartu aurretik, 10:30ean San Tomas eguna ospatuko dute. Gabon kantak abestuko dituzte eta opariak ere jasoko dituzte. Egun berean, 16:00etan, Elgetan izango da Markel Uriarte enduro txirrindularia. Enduroa zer den azalduko du eta jarraian erakustaldia egingo du. Eta, 18:30ean, Gabonetako emanaldia egingo dute Lorea Larrañagaren musika ikasleek Espaloian.

Olentzero, abenduaren 23an

Urtero legez, abenduaren 23an jaitsiko da Olentzero Intxortatik Elgetara. 18:30 aldera iritsiko da. Herriko neska-mutikoen berri jaso eta haiek idatzitako gutunak hartuko ditu, herriko plazan. Guraso elkarteak, berriz, Gabon kantak abestera irteteko dei egin du. Hilaren 24an 11:00etan abiatuko dira Herri Eskolatik.  

Aste bukaerako bestelako kultura hitzorduak

. Helduen pilota txapelketako finalerdiak, barikuan, 18:30ean

. Garagardo jaia gaztetxean, barikuan, 21:00etan

. 'Full Monty' ikuskizuna Espaloian, barikuan, 22:30ean

. Zapatuan, gaztetxoendako irteera Bilboko Gabonetako parkera

. Domekan, 10:30ean, umeen pilota txapelketako partiduak

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak