Aparejadorearen auziarekin lotutako epai berri batek gehiago ordaintzera zigortzen du Udala

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko abe. 1a, 12:42

Azken sententziak ez du ordainketa moduari buruzko argibiderik ematen, baina udal gobernuak kalkulatzen du 300.000 eurotik gorako zigorra suposatuko duela. Kopuru hori aurretik dagoen 439.337 euroko zigorrari gehitu behar zaio.

Elgetako Udalak 2015eko azaroaren 27ko sententzia baten berri izan du. Alberto Olalde aparejadore ohiarekin lotutakoa da. Baliezintasun handi ezintasun-maila aitortu diote Olalderi. Hori horrela eta udal arduradunek jakitera eman dutenez Elgetako Udalak orain artekoaz gain hileko beste 1.216,17 euro ordaindu beharko dizkio Olalderi, 2014ko uztailean hasita. "Ordainketa modurik ez da ageri sententzian. Aurreko sententziaren ordainketa modu bera aplikatuz gero, diru kopuru itzela suposatzen du honek, 300.000 eurotik gorakoa", eman du jakitera Iraitz Lazkano alkateak.

Atzetik dator Elgetako Udalak Alberto Olalde aparejadore ohiarekin duen auzia. Lehenengo sententzia 2008koa da. Egungo udal ordezkariek emandako datuen arabera prozesuaren azken ebazpena izan zen Udalak hilean 1.614,84 euro ordaindu behar dizkiola Olalderi, hamalau ordainsaritan eta hamabost urtez. "Guztira 439.337,44 euro errekargu eta kapitalizazio interesak barne", esan du Lazkanok. "Arrazoia, epailearen arabera aparejadorea udal langile bezala egon behar zela kontratatuta, eta ez zegoela horrela". Eginda dago lehenengo ordainketa. Kopuru horretatik 87.000 euro ordainduta daude.

Argipen eskaera eta errekurtsoa

“Ordainketa modurik ez da ageri sententzian (...) Akats txiki batzuk badirenez Udalak argipen bat eskatuko du, eta ondoren ziurrenik errekurritu”, jakinarazi du Lazkanok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak