Elgetako Udalak parte hartzearen inguruko gaiak landuko ditu bihar herritarrekin

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko aza. 24a, 10:29
Herritar taldea eguaztenean egindako lehenengo herri batzarrean.

Danon artian, danon herrixa ekimenaren baitan bigarren herri batzarra egingo dute, udaletxean, 19:00etan. Herritarrak parte hartzera gonbidatuta daude.

Aurreko astean herritarrengandik jasotako hainbat hobekuntza proposamen izan zituzten aztergai Danon artian, danon herrixa ekimeneko lehenengo herri batzarrean. “Ehun bat inkesta jaso ditugu, eta herritarren proposamen, iritzi eta egoeraren inguruko azterketa ugari”, adierazi du Iraitz Lazkano alkateak.

Aurreko astean landu zituzten horiek guztiak, eta prozesua dinamizatzen duten Nola enpresako arduradunek gertu dute saio horren memoria txostena —azpian klikagarri—. Bertan orain arte jasotako datuak, inkesta bidez bildutako erantzunak eta batzarrean esandakoak jaso dituzte.

Parte hartzea aztergai

Bihar, eguaztena, bigarren herri batzarra egingo dute Elgetan. Batzar hori izango da batez ere parte hartzearen inguruko gaiak lantzeko. “Inkestetan arlo ezberdinak landu ditugu; kultura, turismoa, hirigintza… Eta tarte berezi horietako bat parte hartzea izan da. Hasieratik aipatu genuen gure helburua bazela parte hartze ordenantza bat bukatzea prozesu honen ondoren”, adierazi du Iraitz Lazkano alkateak.

Nola enpresako Agurtzane Loidik azaldu du aurrerantzean egingo diren parte hartze prozesuak zelakoak behar duten definitzen saiatuko direla herritarrekin batera gerora ordenantza bat egiteko, araudi bat. "Denon artean saiatuko gara definitzen ordenantza horretan nondik nora jo beharko litzatekeen, ze gutxieneko egon beharko litzatekeen…", esan du.

Batzarra, esan moduan, 19:00etan hasiko da udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Herritar guztiak daude bertan parte hartzera gonbidatuta.

Lehenengo herri batzarra-Memoria txostena

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak